XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zure etxean bai, baina parlamentuko garitaren kontra ez.

- Ea, gorde txilibitua eta etorri gurekin, mesedez. Eta ez zipriztindu, kontxo!

7:45

Zelako buruko mina! Edandako zerbaitek kalte egingo zidan, seguruenik.

Ez nuen espero jaia hemen amaitzea.

Dena dela, merezi izan du, ze aspaldiko partez primeran pasatu dut eta, gainera, kezkatzen ninduen zalantza desagertu egin da: ikasle guztiak aprobatuko ditut pelotak izan ezik.

Hauei 4'75 ipiniko diet, izorratzeko.

Izan ere, eskirolak ez zaizkit inoiz gustatu.

Besteek, behintzat, ausardia erakutsi dute.

Eta Jokini... Jokini ohorezko matrikula ipiniko diot.

Azken baten, jatorra da mutila.

Fakultateko nire azken azterketa izango dela susmatzen dut, ze gaur egin eta aitortu ditudanen ostean ez dut uste kontratua luzatuko didatenik.

Hobe horrela, ze arraio! Aurrerantzean ez dut ostiral goizetan lanera joateko altxatu beharko eta ostegun gauetan irten ahal izango naiz, lehen bezala.

Egia esan, potroetaraino nengoen irakasle bizimoduarekin.

Bestalde, egin ditudan aldrebeskeria guztiak isun bat ordainduta konpentsatzea espero dut.

Ea ez nauten kale borrokaz edo antzeko ezertaz akusatzen; bestela akabo, bolada luze baten ez ostegunik ez ostiralik ez ostiarik.

Eta orain lo-kuluxka bat egiten saiatuko naiz sartu nauten gelaxka deseroso honetan.